gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 22, ostirala
Cernuda
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > LUIS CERNUDA
AURKEZPENA


Luis Cernuda
(Sevilla, 1902 - México, 1963)

Luis Cernuda y Bidón 1902ko irailaren 21ean jaio zen Sevillan, patioz eta kalezuloz jositakoan, poetak geroago Ocnos poemetan gogoratuko zuen bezala. Aita, Puerto Ricon baina guraso espainiarrengandik jaioa, karrerako militar zuen, Ingeniarietako koronel mailaraino iritsia; ama, berriz, ama frantsesaren alaba zuen, Plaza del Pan-en drogeria bat zeukan merkatari batekin ezkondutako frantses baten alaba, alegia. Poeta mundura heldu zenerako, bi alaba zituzten senar-emazteek. Hona hemen Cernudak literaturarekin izan zituen lehen harremanak: greziar mitologiako eskuliburu bat; Bécquerren poema liburu bat, horren gorpuzkinak Sevillara aldatzearen kariaz argitaratua; eta irakasle bat -Erretorikakoa-, idazlanak ontzeko lehen urratsetan gidari izan zuena.

Unibertsitatera 1919an iritsi izanak literaturako prestakuntza horrekin zerikusia duen beste gertaera bati bide eman zion: Pedro Salinasek han ematen zuen ikastaldian izen emateko aukera, Espainiar Hizkuntza eta Literaturaren Historiako katedra lortua baitzuen. Esan ere, esan liteke, topaketa hura erabakigarria izan zela poeta-aprendiz gaztearen prestakuntza garatzeko orduan: Salinasek frantsesa ikastea gomendatu zion eta Pirinioez bestaldeko sinbolistak eta abangoardistak irakurtzea; Gideren liburu bat utzi zion, eta lagungarri gertatu zitzaion bere homosexualitatearekin bakezkoak egiteko -Cernudak Historial de un libro idazlanean aitortzen zuenez-; eta bere alde mintzatu zen sevillar gazteak bere lehen bertsoak Revista de Occidente-n argitara zitzan, 1925ean; eta haren ondoren beste argitarapen batzuk etorri ziren Verso y Prosa, Mediodía eta Carmen aldizkarietan -Murtzia, Sevilla eta Santanderkoak, hurrenez hurren-.

Hala eta guztiz ere, bere lanak argitaratzeko zeukan irrikak nahigabe batzuk ekarriko zizkion. Hurrengo urtean, Emilio Pradosek Litoral aldizkaria sortu zuen Malagan, eta harekin batera gehigarri batzuk ere ateratzen zituen. Hona hemen lehenengo hirurak: Canciones, Lorcarena, La amante, Albertirena, eta Caracteres, Bergamínena. Salinasek berriro bitartekotza egin eta 1927an agertu zen gure poetaren lehen liburua: Perfil del aire. Cernudaren erresumina, ordea, bikoitza izan zen: alde batetik, jasotako kritika ia guztiak aho batez erdeinuzkoak izan ziren, edo ez oso laudagarriak, behintzat; eta beste aldetik, aurpegira bota zioten originaltasun eza eta Guillénen inspirazio bat ere, berak onartzen ez zuena. Artean 1954an eraso egiten zien aurkako kritika haiei -El crítico, el amigo y el poeta elkarrizketan-, etsipen goiztiar hura sortu zioten kritika haiei, hain zuzen ere, eta temati ukatzen zuen Guillénen eragina. Ama hurrengo urtean hil zitzaionean, probintziako giro hark sortzen zion atsekabeak, itogarri gertatzen zitzaion-eta, bere jaioterria uztera bultzatu zuen. Bolada bat eman zuen Malagan, non bere burua aurkeztu zien Emilio Prados, Manuel Altolaguirre, José María Hinojosa eta Bernabé Fernández Canivelli; gero, Madrila abiatu zen; han Alexaindre ezagutu zuen; eta berriro baliatu zen Salinasen bitartekaritzaz Tolosako Unibertsitatean gaztelaniako irakasle lanpostua eskuratzeko, eta han 1928-1929ko ikasturtean jardun zuen.

Primo de Rivera jenerala erortzearekin batera egokitu zen Cernuda Madrilera itzultzea, eta han lanean sartu zen León Sánchez Cuestak Calle Mayor-en zeukan liburu dendan, eta bere poesian ere aldaketa bat gertatu zen, zentzu moral baterantz bideratua, hain zuzen ere. Konpromiso etiko horrek bat egiten zuen halako konpromiso politiko batekin, zeina, itxuraz, Tolosatik itzultzean esnatu baitzitzaion, gero monarkia erortzean hazi, eta unerik biziena izan baitzuen Errepublikako Misio Pedagogikoetan parte hartzean eta baita aldizkariekin kolaboratzean ere, hala nola, Octubre, Albertik sortutakoarekin. Un río, un amor poemetako bere surrealismo pertsonal, liriko eta enigmatikoak, artean ohiko neurkera eta ahapaldiei atxikita zegoenak, bide eman zion Los placeres prohibidos poemetan adierazpen libertario bat egin zezan, baina libertario, bai gaiaren ikuspegitik -mesprezua gizarte burgesagatik, militarismoagatik, biek erabiltzen duten hertsadura moralagatik eta haien balioengatik- bai formaren ikuspegitik -bertsoa, dagoeneko, eta erabakitasunez, askea da; irudiak, berriz, ausartak-. Hurrengo urteetan, apenas argitaratu bazuen ere, idazten jarraitu zuen -Donde habite el olvido eta Invocaciones- eta horiek, Bécquer eta Hölderlinen eraginagatik, bere helduaroko erromantizismora bideratu zuten, Las nubes eta bere aro ingelesaz geroztik, batez ere, garatu zuen erromantizismora, hain zuzen ere.

1938ko udaberrian Ingalaterrara iritsi zen Cernuda. Baztertu egin zuen senar-emazte ingeles baten etxean ostatu hartzeko aukera, baina behartuta sentitu zen tutore lana hartzera euskal haur errefuxiatuen zelai batean -Basque Children Committee-ren mende zegoen-, Bilbo erori ondoren itsasontziz iritsiak baitziren hara. Cernudak uko egin zion zelai hartan jarraitzeari eta buruan erabili zuen Bartzelonara edo Valentziara itzultzeko aukera, Britainia Handian mantenua segurtatzeko moduren bat aurkitzen ez bazuen, bederen. Aitzitik, ekainaren bukaeran Cernudak Londres utzi eta Parisera bidaiatu zuen, eta han bere adiskide Rosa Chacelekin topo egin zuen. Handik Bartzelonara itzultzeko asmoa eduki zuen, baina berehala baztertu zuen. Stanley Richardsonek eta beste lagun batzuek ahaleginak egin zituzten Londresen hurrengo ikasturterako lan bat aurkitzeko, baina, Cernudak, aldiz, -eszeptiko samarra jestio horiek izan zitzaketen emaitzen aurrean- exiliatuz jositako Paris batean sos batzuk egitea pentsatu zuen, baita buruan maiz erabili ere handik gutxira Espainiara itzultzea, baina Ingalaterrara itzuli zen 1938ko irailaren amaieran.

Bere lagunek egindako ikerketei esker, Cernudak 1938ko azken hiruhilekoan Cranleigh School-en (Guilford, Surrey) lan egin zuen, eta 1939ko urtarrilean Glasgowen bizitzen jarri. W. C. Atkinsonek, Unibertsitateko Espainiera Saileko zuzendariak, irakasle lanpostu bat eskaini zion, eta poetak ez zuen dudarik izan hura onartzeko. 1943ko abuztuaren hasieraz geroztik Cernuda Cambridgeko Emmanuel College-n bizi izan zen. Poeta erromantiko ingelesak irakurri zituen -Wordsworth eta Coleridge, batik bat-, viktoriarrak -Browning, batez ere-, eta Yeats, Pound eta Eliot, eta irakurketa horiek nabarmendu egin ziren bere poesian: hirugarren pertsona erabiltzen zuen objektibazio formula gisa; bakarrizketa dramatikoa, bere nortasuna estaltzeko edo pertsonaia historiko batenera aldatzeko; ahoskera garbitu egin zuen, eta bere egin zuen Wordsworthen oralitate eta prosaismorako asmoa; bere poemek bisualitatean irabazi zuten; elkarrizketa bidezko poesia saio batzuk egin zituen... Harrezkero, bi poema modu landu zituen nagusiki Cernudak: bertso zuriko poema, normalean hamaika silabakoetan eta/edo alexandrotarretan; eta poema-kantua, normalean zortzi silabako erromantzean, edota lauko txikietan. Garrantzitsua da, era berean, hitz lauz idatzitako bere poema liburua, Ocnos (1942) izenekoa, atzera begirakoa -Sevillako haurtzaroa du oinarri, eta paradisu galdua gai-, gaztelaniaz erreferentziarik handienetako bat dena.

Cambridgeko bere irakastaldia 1945eko ekainean amaiturik, Cernudak Espainiar Institutuan lan egin zuen, non aurrez aurre borrokatu behar izan zuen atzerritarrez eta errefuxiatuez osatutako ikasleriaren prestakuntza faltaren aurka, eta baiezkoa eman zion Mount Holyoke College-ren eskaintza bati (Massachusetts, AEB) 1947ko irailean. Ingalaterrak behin betiko arrastoa utzi zion poesian, non azken emanaldietan honelako gaiak sartu baitzituen: gerra, aberria, Jainkoa, iraultza, eta, horiekin batera, oso erromantikoak diren beste hauek ere: heriotza, bakardadea, gogoeta hondakinen aurrean, eta giza Historiaren harrokeria.

Irakasletza -hasiera batean, nonbait, desatsegin gertatzen ez zitzaiona- azkenean interesgabe gertatuko zitzaion gertaera batetik aurrera, Cernudaren azken urteetan erabakigarri izango zen gertaera hauxe: 1949an Mexiko bisitatu izana, non berriro zabaldu zitzaion aurre-aurrean bere andaluziar gaztaroko eremu biki bat, bere Sansueña mitikoaren argia eta airea oroitzen zizkiona, bai baitzirudien bere begien aurrean bizia hartzen zuela. Amodiozko harreman berri batek, gainera, erakarri egin zuen herri hartara, nora joanak baitziren beste espainiar errefuxiatu batzuk, hala nola, Bergamín, León Felipe, Eugenio Imaz edo Emilio Prados. Hala, 1952ko azaroan, erabaki zuen Mount Holyoke-n bere dimisioa aurkeztu eta behin betiko Mexikon bizitzen jartzea. Handik, poetak La realidad y el deseo liburuaren bigarren eta hirugarren argitaraldiak egin zituen, baita ere Variaciones sobre tema mejicano, Estudios sobre poesía española contemporánea, Pensamiento poético en la lírica inglesa del siglo XIX eta abarrenak. Bien bitartean bere obra poetikoaren azken atalak osatu zituen: horietan -Con las horas contadas, Desolación de la Quimera- etorria gainbehera etortzen zitzaion batzuetan, eta iritsi zuen halako prosaismo bat eta joskera bat, inoiz bortxatua, ez oso naturala, eta hala, aberriaren urruntasuna, herbestea, geroaren gaineko kezka, indibidualismoa, esperientzia estetikoa askapen gisara, maitasuna eta sexualitatea, horra hor oraindik ere nagusi zituen gaiak. Los Angelesera 1960-63 urteetan egin zituen hiru bisitaldi luzetan izan ezik, Mexiko izan zuen 1952az geroztik bizileku: han, 1963ko azaroko goiz batean, hil egin zen ezustean.

Gabriel Insausti

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net